Back

LGTB_Maiatzak17_2017-05-17

Gure ikastetxean ez dago lekurik LGTBfobiarentzat
LGTB_Maiatzak17_2017-05-17 Orokorrean aniztasun- sexualarekiko jarrera diskriminatzailea da. Nahiz eta azken hamarkadotan aurrerapauso itzela eman bisibilizazioan, onarpen mailan, eta legeberdintasunean; LGTB pertsonen kontrako uko egite, agresioak, diskriminazioa eta jazarpenak ez dira desagertu.

Ikastetxeetan ere honelako ikasleriaren kontrako diskriminazioa ematen da: mehatxatzen da, iraintzen da, ezikusiarena egiten da, umilatzen da.

Bortizkeria psikikoa denean autuestimua kaltetzen da. Badira beste hainbat portaera, bortitzatzat jotzen ez direnak, baina ezinegona eta mina sortzen dituztenak; esaterako, genero estereotipoei ez jarraitzeagatik aditzen diren txisteak, esamesak. Hauek guztiak ere bortizkeriak dira.

LGTBfobia normalizatu egin dugu, beraz, garrantzia kendu izan zaio lgtb ikasleek egunero pairatzen duten bortizkeria. "Haurren kontuak" direla esaten dugu askotan. "Marimutil" edo "marikoi" bezalako hitzei inportantzia kentzen diegu. Batzuetan aipatutako hitzak erabiltzen ditugu ez iraintzeko, agian, baina beti da diskriminazioa.

LGTB pertsonek egunero pairatzen dute: inbisibilizazioa, estigma kutsadura (defendatzen baditugu edo haiekin harreman estua izatea aski izan daiteke erasoen jomugan jartzeko), laguntza eza…

Horiek guztiak ez dira garrantzirik gabeko txantxak eta ez dira kasualitatez egiten, LGTB pertsonen kontrako agresioak banalizatzen dituen kultura sexistaren isla direlako. Egoera honi buelta emateko, interakzio hauetan parte ez hartzea ez da nahikorik, proaktiboak izan behar dugu. Baina banalizazio honen ondorioz, askotan ez da erraza behar-beharrezkoak diren erantzun trinkoak noiz eman identifikatzea, ezta erantzun eraginkorrak asmatzea ere: egoera batzuk handizkatu ahal ditugu edo ixiltasunaren legearen partaideak izan gaitezke. Ez da erraza ez, are gutxiago erantzunak bakardadean ematen badira.

Berdinen arteko tratu txarrek biktimaren eskubideak urratzen dituzte, haren osotasun psikikoa eta fisikoa; Bigarren Hezkuntzan, hain zuzen ere, honelako jazarpenek absentismo mailarekin, ikasketa aldaketekin eta eskola porrotarekin harreman zuzena dute: ez dute ikastetxera joan nahi besteen aurrean irainduta eta bazterturik izateko, edo irrigarri uzteko.

Ikastetxeko Hezkidetza-Elkarbizitzako Lan Taldea